2 – Bihozberritzea: LEHEN ASTEA
Gure jarduera Mendiko Hitzaldiarekin bat ote datorren aztertzen |
I. ASTELEHENA |
SENIDEEI EGIN DIEZUENA
Ebanjelioaren giharra
senideaz arduratzean datza. Jesusen mezuaren laburpen inportantea da
Mt 25. Hura maite dudan jakiteko, gainerakoak maite ote ditudan
ikusi behar dut. Gure maitasunak, harenak bezala, doakoa izan behar
du, maitasunaren arrazoiaz beraz ere konturatu gabe. Noiz egin
genuen? diote eskuinekoek... |
I. ASTEARTEA |
“GURE AITA” OTOITZA
Garizuman ebanjelio honek
“Gure Aita” zein espirituz esan behar dugun gogorarazten digu: ez du
izan behar ohikeriaz errepikatua, ezpainez bakarrik, baizik,
batetik, Aitarekiko konfiantzaz, bai baitaki Hark zeren beharrean
garen, eta, bestetik, senideei barkatuz, guri barkatzen digun
Jainkoak entzun ahal diezagun. Beraz, bihotz barru-barrutik
esan behar dugu. |
I. ASTEAZKENA |
JONAS ETA SALOMON BAINO HANDIAGOA
Betiko bizia den hura jadanik bizitzea esan nahi du bihozberritzeak:
Jainkoa eta senideak MAITATZEA. "Bihozberritzeko" ez dugu zertan
egon mirari handien zain. Hor dugu Jesus geure baitan, Jonas eta
Salomon baino handiagoa den hori. |
I. OSTEGUNA |
EMAN BALDINTZARIK EZARRI
GABE
Aitari OGIA eskatzen
badiozu, ez dizu emango HARRI bat. ARRAINA eskatzen badiozu, ez dizu
emango SUGEA. Aitaren eskuzabaltasunak ez du ezartzen
baldintzarik; guk ere haiek guri ematea nahi genukeena eman
behar diegu besteei. Ebanjelioko arau hau dela eta, kristauok ez
dugu legerik nola maitatu esaten digunik, baizik eta norberak asmatu
behar du bere MAITASUNA, bere bihotz propioari galdetuz. Hau da,
gure bihotzak beretzat nahi lukeena besteei emanez. |
I. OSTIRALA |
UTZ EZAZU ESKAINTZA ETA
ZOAZ BAKEAK EGITERA
Senitarteko KOMUNIOA hain
zorrotza da, non Jainkoarekiko kultua bera ere eten baitezake.
Garrantzikoagoa da senidearekin bakean bizitzea, otoitzari emanik
bizitzea baino. Beste era batean esanik, ezin dugu otoitzik egin,
senideekin haserre bagaude. Halaz guztiz, Jainkoak gure ahuldadea
ondo ezagutzen baitu, "gure geurezkoa iristen ez den hartan, eska
diezaiogun bere graziaz lagundu gaitzan " (San Benitoren Bizi
Araudia) |
I. LARUNBATA |
EGUZKIA GAIZTOEN eta ONEN
gain aterarazten duen AITAREN SEME-ALABA
Kristau-maitasuna berezko
sinpatia baino harago doa; “etsaiak” berak ere maitatzera garamatza.
Maitasun honek egiten gaitu, hain juxtu, eguzkia gaiztoen eta onen
gai aterarazten duen Aitaren seme-alaba. Bataio berri-edo da
maitasun hau. Itxurakeria hutsa izango litzateke bataiatua izan eta
etsaiak edukitzea. |
|