ASKOTARIKOAK

 

La BÍBLIA en EUSKERA

www.biblija.net

ÍNDICE

  BENEDIKTO XVIa   BAKEAREN ALDEKO MUNDUKO EGUNA
  BENEDIKTO XVIa  AITA SANTUAREN BIOGRAFIA
  “Eskerrak zure hitzarengatik”  MARTINI 
  “Etsaien alde otoitz egin”  
  “Hau da nire gorputza”  Xabier Basurko

 
   POWER POINT
  En  Power Point   NATURA  (música)
  En  Power Point   GAUR  EGIN  NEZAKE  (música)

 

ESKERRAK ZURE HITZARENGATIK 
CARLO MARIA MARTINI
 

Eskerrak, Jauna,
orain 2000 urte esandako Hitz honek
gure artean bizi-bizi eta eraginkor
jarraitzen duelako.
Hitz hori ulertzeko eta gure artean bizitzeko
gure ezintasuna eta gauza-eza
aitortzen ditugu.
Hitz hori gure ahuldadea baino ahaltsuago eta indartsuagoa da,
gure makaltasuna baino eraginkorragoa,
gure barne-hesiak baino sarkorragoa.

Horregatik, zure Hitz horretaz argi gaitzazun eskatzen dizugu,
hori benetan aintzat har dezagun,
eta horrek agertzen digun guztira benetan ireki gaitezen,
horrengan uste ona izan dezagun,
eta bere indarraren ahalmenaz
gure artean lanean aritzeko bidea egin diezaiogun.
 

Jesusen Ama, mugarik gabeko ustea izan zenuen,
zugana etorritako Hitza zugan bete zedin eskatu zenuen,
emaguzu gu ere prest egoteko gogoa,
guri buruzko egia berriro aurki ahal dezagun.
Emaguzu gizon-emakumeei lagundu ahal izatea
Jainkoak eskaintzen dien egia aurki dezaten;
egizu, aurki dezala hitz hori bete-betean
bizi gareneko eta zerbitzatu nahi dugun mundu honek. 

Hala eskatzen dizugu, Aita, Jesu Kristo haragi eginiko zure Semeagatik, haren heriotza eta piztueragatik, eta Hitz horren indarra gugan etengabe berritzen duen Espiritu Santuagatik. Amen. 
(Euskaraz: Dionisio Amundarain)
 

ETSAIEN ALDE OTOITZ EGIN
(Judu batek gas-ganbaran sartu aurretik idatzitako otoitza)
Vida Nueva 18-07-1998, 48. or.

Jauna, zure aintzan izanen zarenean
ez oroitu gogo oneko gizon-emakumeez bakarrik.
Oroitu gogo txarrekoez ere.
Ez oroitu orduan halakoen ankerkeriez,
halakoen krudelkeriez eta indarkeriez.
Oroitu, halakoen gurekiko portaeragatik,
guk ematen ditugun fruituez.

Oroitu batzuen eroapenaz eta besteen kemenaz,
gugan iratzarri zuten
adiskidetasunaz, apaltasunaz, bihotz-handitasunaz eta leialtasunaz.
Eta egizu, Jauna, fruitu hauek
gun batean haien berrerospen izan daitezen. Amen.

BENEDIKTO XVIa   AITA SANTUAREN BIOGRAFIA
 

Joseph Ratzinger kardinala, Benedikto XVI.a Aita Santua, Marktl am Inn herrian jaio zen, Passau‑ko elizbarrutian (Alemania), 1927ko apirilaren 16an (Larunbat Santua) eta egun berean bataiatu zuten. Haren aita, jendarmeriako komisarioa, Bavaria Beherean jatorria zuen antzinako laborari‑familia bateko semea zen, ekonomia‑maila apalekoa. Ama, berriz, Chiem lakuaren ertzeko Rimsting herriko artisauen alaba zen eta, ezkondu aurretik, sukaldari jardun zuen hainbat hoteletan.

Bere haurtzaroa eta nerabezaroa Traunstein‑en igaro zituen, Austriaren mugatik gertu dagoen herri txikian, Salzburgotik hogeita hamar bat kilometrora. Berak «mozartar» definitu izan duen ingurugiro horretan jaso zuen bere hezkuntza kristau, gizatiar eta kulturazkoa.

Bere gaztaroa ez zuen bizi-erraza izan. Bere familian jasotako fedeak eta hezkuntzak, nazien erregimenak garai hartan Eliza katolikoaren aurka ezarri zuen gatazka-giro bortitzak biziarazitako esperientzia gogorrei aurre egiten lagundu zioten. Joseph gazteak bere begiz ikusi zuen parrokiako erretorea Meza Santua eman aurretik nola kolpatu zuten.

Hain zuzen ere, egoera konplexu hartan aurkitu zituen Kristoganako fedeak dituen edertasuna eta egia; horretarako funtsezkoa izan zuen bere familiaren jarrera; izan ere, beti ontasunaren eta itxaropenaren aldeko lekukotza argia eman zuen familiak, ondo sustraitutako eliztar izaera azalduz.

Bigarren mundu gerrako azken hilabeteetan, hegazkinen kontrako gorputz edo zerbitzu laguntzaileetan engaiatu edo sartu zuten.

1946-1951 bitartean, filosofiako eta teologiako ikasketak egin zituen Freising-eko Filosofia eta Teologiako Goi‑mailako Eskolan eta Munich-eko unibertsitatean, Bavarian.

1951ko ekainaren 29an apaiz egin zen.

Handik urtebetera, irakasle hasi zen Freising-eko Goi-mailako Eskolan.

1953an teologian doktore egin zen tesi honekin: «Jainkoaren herria eta Jainkoaren etxea Elizaren doktrinan San Agustinengan». Handik lau urtera, oinarrizko teologiako irakasle ezaguna zen Gottlieb Söhngen-en gidaritzapean, irakaskuntzarako gaitasuna aitortu zioten «San Buenaventuraren historiaren teologia» gaitzat zuen hitzaldia eginda.

Freising-eko Goi-mailako Filosofia eta Teologia Eskolan dogmatikako eta oinarrizko teologiako irakasle jardun ondoren, Bona-n jarraitu zuen irakasle 1959tik 1963ra; Muñiste-n 1963tik 1966ra eta Tubinga-n 1966tik 1969ra. Azken urte horretan, Ratisbona-ko unibertsitatean dogmatikako eta dogmaren historiako katedradun izatera pasatu zen eta, aldi berean, Unibertsitateko Errektore-orde ere izan zen.

1962tik 1965era, ekarpen nabarmenak egin zituen Vatikano II.a Kontzilioan  «aditu» moduan; Koloniako artzapezpiku zen Joseph Frings kardinalaren aholkulari moduan parte hartu zuen Kontzilioan.

Bere zientzia-arloko jarduera etengabeak, Alemaniako Apezpikuen Konferentziaren eta Nazioarteko Teologia Batzordearen zerbitzura kargu garrantzitsuak betetzera eraman zuen.

1972an, Hans Urs von Balthasar, Henri de Lubac eta beste teologo» handi batzuekin batera, «Communio» izeneko teologia-aldizkaria sortu zuen.

1977ko martxoaren 25ean, Paulo VI.a Aita Santuak, Municheko eta Freising-eko artzapezpiku izendatu zuen. Maiatzaren 28an apezpiku ordena hartu zuen. 80 urte igaro ondoren, Bavariako artzapezpikutza handiko pastoraltza-gobernua bere gain hartu zuen elizbarrutiko lehenengo apaiza izan zen. Apezpiku-lelotzat, hau aukeratu zuen: «Egiaren laguntzaile» eta berak eman zuen azalpena: «Alde batetik, aurretik neuk irakasletzan izandako xedearen eta neure misio berriaren arteko harremana eta lotura adierazten zituela uste izan nuen. Modu desberdinetan izan arren, jokoan zegoena eta egoten jarraitzen duena, egiari jarraitzea da, egiaren zerbitzura egotea. Eta, bestetik, gai hori, egiaren gaia, gaur egungo munduan ia erabat isilarazia delako aukeratu nuen; izan ere, gizakiarentzat handiegia den zerbait balitz bezala aurkezten da; halere, egiarik ez bada, dena hankaz gora doa».

Paulo VI.ak kardinal izendatu zuen «Tiburtino-ko Kontsolamenduaren Andre Maria» presbitero-tituluarekin, urte bereko ekainaren 27ko kardinalen batzarrean.

Ratzinger kardinalak, 1978ko abuztuaren 25etik 26ra Aita Santua aukeratzeko egindako Kardinalen batzarrean (Konklabean) esku hartu zuen eta Joan Paulo I.a hautatu zuten. Aita Santu hark, irailaren 16tik 24ra Guayaquil-en (Ekuador) egin zen Andre Mariaren Nazioarteko III. Kongresurako bere Mandatari Berezi izendatu zuen. Urte berean, urrian, Joan Paulo II.a aita Santu izendatu zuten Kardinalen batzarrean ere esku hartu zuen.

1980an, Apezpikuen Sinodoko V. Batzar orokor arruntean, honako gai honen Kontalari izan zen: «Kristau-familiaren misioa gaur egungo munduan» eta baita 1983ko VI. Batzar orokor arrunteko Mahaiburu-ordezkari ere beste gai honekin: «Adiskidetzea eta penitentzia Elizaren misioan».

Joan Paulo II.ak Fedearen Doktrinarako Kongregazioko Prefektu, Bibli Batzorde Pontifizioko; eta Nazioarteko Teologia Batzordeburu izendatu zuen 1981eko azaroaren 25ean. 1982ko otsailaren 15ean, Municheko eta Freising-eko artzapezpikutzako pastoral-gobernuko kargua utzi egin zuen. 1993ko apirilaren 5ean, Kardinale-Apezpikuen mailara igo zuen Velletri-Segni-ko bikario-kargua emanez.

«Eliza Katolikoaren Doktrina» prestatzeko Batzordeburu izan zen eta sei urteko lanen ondoren (1986-1992), Aita Santuari aurkeztu zion «Doktrina» berria.

Joan Paulo II.ak, 1998ko azaroaren 6an, onetsi egin zuen Ratzinger kardinala, Kardinal-Apezpikuen mailako kardinalek, aukeratu bezala Kardinalen Kolegioko dekano-orde izendatzea. 2002ko azaroaren 30ean, Dekano izendatzea onetsi zuen eta kargu horrekin, gainera, Ostia-ko azpibikario-kargurako izendatu zuten.

1999an, Aita Santuaren Mandatari Berezi gisa joan zen, Alemaniako Paderborn-eko elizbarrutia sortu zeneko XII. mendeurrena zela-eta urtarrilaren 3an egin ziren ospakizunetara.

2000ko azaroaren 13tik aurrera, Zientzietako Akademia Pomtifizioan ohorezko Akademia-kide izendatu zuten.

Erromako kurian, kargu hauek izan zituen: Estatuekiko Harremanetarako Estatu Idazkaritzaren Kontseiluko kide; Kongregazio hauetatako kide: Ekialdeko Elizetarako, Jainkoaren Gurtzarako, Sakramentuen Diziplinarako, Apezpikuentzako, Herriak Ebanjelizatzeko, Hezkuntza Katolikorako, Kleroaren eta Santuen gaietarako Kongregazioetako kide; Kristauen Batasuna Sustatzeko eta Kulturarako Kontseilu Pontifizioetako Kontseiluetako kide; Apostolutza Signaturaren Auzitegi Goreneko kide; Latin Amerikarako, «Ecclesia Dei»ko, Zuzenbide Kanonikoaren Kodea legez interpretatzeko eta Ekialdeko Zuzenbidearen Kode kanonikoa Berritzeko Batzorde Pontifizioetako kide.

Berak argitaratutako lan ugariren artean, nabarmenak dira liburu hauek:: «Kristautasunari buruzko Sarrera», hots, apostolutar fedea bizitzeaz unibertsitatean emandako ikasgaien bilduma, 1968an argitaratua, eta «Hitza Elizan» (1973), pastoraltza-gaiez egindako saiakera, hitzaldi eta gogoeten antologia.

Oihartzun handia izan zuen Bavariako Akademian «Zergatik jarraitzen dut oraindik Elizaren barruan?» izenburuarekin eman zuen hitzaldiak. Bere ohiko argitasunarekin, hau esan zuen: «Elizaren barruan bakarrik izan daiteke kristau eta ez Elizatik kanpo».

Argitalpen ugari egin zituen urteetan zehar eta pertsona askorentzat erreferentzia-puntu bihurtu ziren, teologiaren ikasketetan sakondu nahi zutenentzat batez ere. 1985ean elkarrizketekin egindako «Fedeaz egindako txostena» argitaratu zuen eta 1996an «Lurraren gatza». Era berean, Ratzingerren 70. urtebetetzea zela eta, «Egiaren eskolan» liburua argitaratu zuten. Liburu horretan, hainbat egilek haren nortasunaren eta haren idazlanen hainbat arlo argitzen dituzte.

«Honoris causa» doktoretza-titulu batzuk ere jaso ditu: College of St. Thomas in St. Paul-ek emana (Minnesota, Amerikako Estatu Batuak), 1984an; Eichstätt-eko Unibertsitate katolikoak (Alemania) emana, 1985ean; Limako Unibertsitate katolikoak (Peru) emana, 1986an; Lublin-go Unibertsitate katolikoak (Polonia) emana, 1988an; Nafarroako Unibertsitateak (Iruñea, Euskal Herria) emana, 1998an; Andre Maria Santu Zeruratuaren Unibertsitate Libreak (LUMSA, Erroma) emana, 1999an; Wroclaw-eko Unibertsitateko Teologia Fakultateak (Polonia) emana, 2000n.

 (Euskaraz: Andoni Sarriegi)

© Copyright 2005 - Vatikanoko Editrice Liburudenda  

 

BENEDIKTO XVIa
AITA SANTUAREN MEZUA

BAKEAREN ALDEKO MUNDUKO EGUNA

OSPATZEKO  
2007ko urtarrilaren 1ean

 

Gizakia, bakearen bihotz
1. [Zeini ari zaien] UrteBerriaren hasieran, bakea opa diedala agertu nahi diet bai nazioen gobernariei eta erantzuleei, bai gogo oneko gizon-emakume guztiei. Batez ere, hauei ari natzaie: oinazearen eta sufrimenaren pean daudenei, indarkeriaren eta armen indarraren mehatxupean bizi direnei edo, beren duintasuna jota sumaturik, beren oneratze gizatarra eta soziala espero dutenei. Haurrei ari natzaie, beren xumetasunaz gizadiaren ontasuna eta esperantza aberasten eta, beren oinazeaz, guztioi zuzentasunaren eta bakearen alde jardutera eragiten diguten horiei. 

Preseski begi aurrean haurrak izanik eta bereziki, eskrupulurik gabeko adinekoen esplotazioa eta gaiztakeria dela bide, beren geroa arriskuan dutenak kontuan harturik, landu nahi izan dut, Munduko Bakearen aldeko Egunen honetan, guztien arretarako, gai hau: Gizakia, bakearen bihotz. Hain zuzen, konbentziturik nago, gizakia errespetatuz eragin daitekeela bakea, eta bakea eraikiz ezar daitezkeela oinarriak benetako humanismo osoarentzat. Horrela prestatu ahalko da etorkizun barea belaunaldi berrientzat. 

Gizakia eta bakea: dohain eta eginkizun 

2. [Gizakiaren duintasun berezia: dohain eta eginkizun aldi berean] Liburu Santuak dio: «Bere irudiko egin zuen Jainkoak gizakia; Jainkoaren irudiko egin zuen; gizon eta emakume egin zituen» (Has 1,27). Jainkoaren irudiko egina delako, pertsonaren duintasuna du gizakiak; ez da zerbait, baizik eta norbait da [gizakia], bere burua ezagutzeko gai, bere buruaren jabe izateko gai, bere burua askatasunez besteri eman eta beste pertsona batzuekin harremanak izateko gai. Aldi berean, grazia dela medio, bere Sortzailearekin elkargoa egiteko gai da gizakia, beraren ordez beste inork eman ez diezaiokeen fede- eta maitasun-erantzuna Hari eskaintzeko gai da. [1] Ikuspegi miresgarri hau gogoan izanik uler daiteke gizakiari eman zaion egitekoa: maitasunerako bere ahalbidea heldutasunera bideratzea eta mundua aurrera bidean jartzea, zuzentasunean eta bakean eraberrituz. Sintesi bikainez irakasten digu San Agustinek: «Jainkoak gu gabe sortu gaitu, baina ez gaitu gu gabe salbatu nahi ». [2] Beraz, ezinbestean landu behar dute gizaki guztiek bi alderdiekiko, dohainarekiko eta eginkizunarekiko, kontzientzia, ustea

3. [Bakea ere dohain eta eginkizun aldi berean] Bakea ere dohain eta eginkizun da aldi berean. Egia bada pertsonen eta herrien arteko bakea bizitzeak, elkarrekin konpondu ahal izateko ahalmena bizitzeak, zuzentasun- eta solidaritate-harremanak ezarriz, etengabeko konpromisoa duela berekin, egia da orobat, eta arrazoi handiagoz, Jainkoaren dohain dela bakea. Hain zuzen, jainkozko jardueraren berezitasun da bakea, bai unibertso ordenatu eta harmoniatsuan ageri dena, bai bekatuak eragindako desordenutik atera beharra duen gizadiaren erospenean ageri dena. Beraz, Kreazioan eta Erospenean daukagu lurreko gure existentziaren esanahia ulertu ahal izateko giltzarria. Nire aurreko Paulo II.a beneragarriak, 1995eko urriaren 5ean Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrari ari zitzaiola, esan zuen: «ez gara bizi mundu irrazional edo zentzurik gabean […], bada giza existentzia argitzen duen logika moral bat, bada gizakien eta herrien arteko elkarrizketa ahalbidetzen duen logika moral bat». [3] «Gramatika transzendente hori, hots, gizabanakoaren jarduera eta pertsonak zuzentasunean eta solidaritatean bizitzera eragiten duen arau-multzo hori gizakiaren kontzientzian ezarria dago, eta hor islatzen da Jainkoaren egitasmo jakintsua. Duela gutxi berresan nahi izan dudanez, «sinesten dugu hasieran, jatorrian betiko Hitza dagoela, Arrazoia dagoela eta ez Arrazoirik eza». [4] Beraz, jainkozko egitasmoarekin koherente izango den erantzun pertsonala eskatzen duen eginkizuna da bakea. Gizakiaren erantzun hori arnastu dezakeen irizpidea ezin izan da hau besterik: gizakiaren bihotzean Jainko Kreatzaileak irarri duen «gramatikarekiko» errespetua. 

[Berezko zuzenbidea ez da kanpotik ezarritakoa] Alde honetatik, berezko zuzenbidearen arauak ez dira hartu behar kanpotik ezarritako, gizakiaren askatasuna murriztuko luketen gidalerrotzat. Aitzitik, gizakiaren naturan idatziriko jainkozko egitasmo unibertsala leialki gauzatzeko deitzat onartu behar dira. Arau horien gidaritzapean, hurbil daitezke herriak –zein bere kulturan—misteriorik handienera, hots, Jainkoaren misteriora. Horregatik, berezko legea aitortzea eta errespetatzea dira gaur egun ere erlijio desberdinetako fededunen arteko elkarrizketarako oinarri handia, baita fededunen arteko eta, are, fedegabeen arteko elkarrizketarako. Topaketa-une handi dira aitorpen eta errespetu horiek, eta, horrenbestez, benetako bakerako oinarrizko premisa. 

Bizirako eta erlijio-askatasunerako eskubidea 

4. [Pertsonaz ezin balia gintezke nahi bezala] Gizakiaren, zeina Kreatzailearen irudia baita, duintasuna errespetatu behar izateak hau du ondorio: pertsonaz ezin balia gintezkeela nahi hutsaren arabera. Botere politiko, teknologiko edo ekonomikorik handienaren jabea ezin balia daiteke botere hartaz txikiagoa dutenen eskubideak hausteko. Izan ere, gizon-emakume guztiekiko errespetuan oinarritzen da bakea. Hori kontuan duela, pertsona bakoitzaren  oinarrizko eskubideen aldarrikari izan nahi du Elizak. Bereziki, guztientzat biziaren eta erlijio-askatasunaren errespetua eskatu nahi du. Bizia, bere une guztietan, errespetatu behar izateak garrantzi erabakitzaileko puntu sendo hau ezartzen du: dohaina da bizia, eta ez dago erabat hura bizi duenaren esku harekiko erabakia. Era berean, erlijio-askatasunaren eskubidea baieztatzeak argi uzten du Printzipio transzendente batekiko gizakiak duen erlazioa, eskubide hura gizakiaren beraren nahikeriatik at jartzen duena. Biziarekiko eskubidea eta Jainkoa nork bere fedearen arabera libreki aitortzeko eskubidea ez daude gizakiaren boterearen menpe. Bake izateko, ezinbestekoa da gizakiaren esku dagoenaren eta ez dagoenaren artean muga argia ezartzea: horrela saihestuko dira eskusartze onartezinak gizakia den aldetik gizakiarena den balio-ondare horretan. 

5. [Biziaren eta erlijio-askatasunaren kontrako erasoak] Biziaren eskubideari dagokionez, beharrezkoa da salatzea gure gizartean egiten ari den triskantza: gatazka armatuen, terrorismoaren eta indarkeri mota desberdinen biktimez aparte, hor daude isileko heriotzak: goseak, abortuak, enbrioien gaineko esperimentazioak eta eutanasiak eragindakoak. Nola ez hartu hori guztia bakearen kontrako erasotzat? Besteekiko onarpen-jarrerari zuzenean uko egitea dira bai abortua, bai enbrioien gaineko esperimentazioa; gogoan izan behar da, aipatu onarpen-jarrera hori gabe ezin dela bake-harreman iraunkorrik ezarri. Nork bere fedea libreki adierazteari dagokionez, bada munduan bake-faltaren sintoma kezkagarri bat; hain zuzen ere, bai kristauek, bai beste erlijioetako kideek zailtasunak dituzte askotan bere uste erlijiosoak jendaurrean eta libreki aitortzeko. 

[Bakeaz mentalitate eta kultura negatiboak] Kristauei partikularki nagokiela, atsekabez ohartarazi nahi dut, batzuetan, eragozpenak ez ezik, pertsekuzioa ere jasaten dutela zenbait Estatutan, eta, duela gutxi, indarkeria basatiaren pasadizo tragikoak ere bizi izan direla. Badira guztiak erlijio bakarrera behartzen dituzten erregimenak; beste batzuek, berriz, axolagabe jokatuz, indarkeriazko pertsekuzioa ez bada ere, irain kultural sistematikoa eragiten dute sineste erlijiosoen kontra. Nolanahi den, ez da errespetatzen oinarrizko giza eskubidea, bakezko bizikidetasunaren kontra eragin larriak sorraraziz. Honek guztiak bakearekiko mentalitate eta kultura negatiboak eragiten ditu. 

Pertsona guztien berezko parekotasuna 

6. [Desberdintasunak tirabiren jatorri] Gaur oraino, zuzenaren kontrako desberdintasun tragiko asko dago munduan, sarritako tirabiren jatorrian bakearen kontrako mehatxu direnak. Halakoetarik dira bereziki kaltegarri diren hauek: batetik, gizakiarentzat ezinbesteko diren ondasunak lortzeko desberdintasunak; adibidez, janaria, ura, etxea edo osasuna lortzeko ordukoak; bestetik, oinarrizko giza eskubideez baliatzean gizonaren eta emakumearen arteko etengabeko parekotasun-eza

[Pertsona arteko parekotasun esentziala] Bakea eraikitzeko ezinbesteko garrantzia duten gaietarik da pertsona arteko parekotasuna esentziala, jatorria pertsonaren duintasun transzendentean berean duena. Alde honetatik, gizon-emakume guztien ondasuna da, beraz, parekotasuna; Jainkoak kreazioan izan duen egitasmoari darion berezko «gramatika» horretan irarria da parekotasun hori; ez bazter utzi, ez mespretxa daitekeen ondasuna da, bakea arriskuan jartzen duten ondorio latzak eragin nahi ez badira. Alde horretatik, populazio asko, bereziki afrikar kontinentekoak, jasaten ari diren gabezia guztiz larriak daude indarkeriazko erreibindikazioen jatorrian, eta bakeari eragindako egundoko zauri dira. 

7. [Emakumearen izaera] Emakumearen izaera behar bezala aintzat ez hartzea ere gizartearen ordenua desegonkortzen duen faktorea da. Objektutzat hartuak diren emakumeen esplotazioa dut gogoan, baita haien duintasunarekiko errespetu-faltaren hainbat eta hainbat mota ere; orobat ditut gogoan –beste testuinguru batean—zenbait kulturatan indarrean dirauten ikusmolde antropologikoak, oraino ere emakumeari gizonezkoaren nahikeriaren menpe egotea egozten diotenak, eta ondoriotzat pertsonaren duintasunarentzat eta oinarrizko askatasun-bizitzarentzat iraingarri diren ondorioak dakartzatenak. Ezin amets egin dugu bakea segurtatua dugula, bereizkeria-forma horiek, gizaki bakoitzarengan Kreatzaileak irarritako duintasun pertsonala zauritzen duten horiek, gaindituak ez diren bitartean. [5] 

Bakearen ekologia 

8. [Naturaren ekologia eta gizakiaren beraren ekologia] Joan Paulo II.ak, bere Centisimus annus Gutun Entziklikan dio: «Jainkoak, gizakiari lurra ematean, hura erabiltzeari dagokionez izan duen jatorrizko asmoa errespetatu beharra du gizakiak; baina lurra ez ezik, Jainkoaren dohain du gizakiak bere burua ere; ondorioz, errespetatu beharreko hornikuntza du Jainkoak eman dion bere egitura natural eta moral hori». [6] Kreatzaileak eskura jarri dion dohain horri erantzunez, gizakiak, bere kideekin batean, biziarazi dezake bakezko mundua. Horiek horrela, naturaren ekologiaz gain, bada «gizatar» dei dezakegun ekologia ere, zeinak bere aldetik ezinbestekoa baitu «ekologia soziala». Honek esan nahi du, gizadiak, bakea benetan axola bazaio, kontuan izan behar duela beti interrelazio hau: naturaren ekologiaren, hau da, natura errespetatzearen eta giza ekologiaren artekoa. Esperientziak frogatua du ingurumenarekiko errespetu gabeko jarrerak kaltea dakarkiola giza bizikidetasunari, eta gauza bera alderantziz. Gero eta garbiago ageri da kreazioarekiko bakeak eta gizakien arteko bakeak beren artean duten lotura estua. Batak eta besteak, berriz, Jainkoarekiko bakea eskatzen dute aurrez. San Frantziskoren poesi otoitza, «Anaia Eguzkiaren Kanta» izenekoa, bakearen era anitzeko ekologia honen adibide miresgarria da, gaur-gaurkoa beti. 

9. [Energi hornikuntza desberdinaren ondorioak] Egunetik egunera larriagoa bihurtzen ari den energi hornikuntza laguntza ona dugu ekologia bi horien arteko erlazio estua ulertu ahal izan izateko. Azken urte hauetan, indar handiz ekin diote nazio berriek industri ekoizpenari, energi premiak handituz. Baliabide eskuragarriei buruz, orain arteko egoerekin konparaziorik ez duen moduko lehiakortasuna eragiten ari da hori. Bien bitartean, planetako paraje batzuetan atzerapen handiko egoera bizi dute oraino ere, izatez garapena blokeatua dutela, energiaren salneurriaren garestitzeak eragindakoa. Zer gertatuko zaie populazio horiei? Zein garapen-mota edo garapenik ezaren mota ezarriko die energi hornikuntzaren eskasiak? Zein injustizia eta etsaigo eragingo du energi iturriekiko lasterketak? Eta nola erreakzionatuko dute lehiaketa horretarik kanpo bazterturik daudenek? Garbi uzten dute galdera horiek zein estu kateaturik dagoen naturarekiko errespetua gizakien eta nazioen artean pertsonaren duintasunaren araberako harremanak, haien benetako premiak asetzeko modukoak, ezarri behar izatearekin. Ingurumena suntsitzea, hartaz behar ez bezala edo modu egoistan baliatzea eta lurreko baliabideez indarkeriaz jabetzea: horiek guztiek sortzen dituzte tirabirak, gatazkak eta gerlak; hain zuzen ere, garapen-ikusmolde inhumanoaren fruitu direlako. Hain juxtu, alde morala eta erlijiosoa baztertuz, kontuan alderdi teknikoa eta ekonomikoa bakarrik hartuko lukeen garapena ez litzateke izango garapen gizatar osoa eta, alde bakarrekoa izanik, gizakiaren ahalmen suntsitzailea sustatuko luke. 

Gizakiaz ikusmolde hertsigarriak 

10. [Aurreiritzi ideologiko eta kulturalak baztertu] Guztiz premiazkoa da, beraz, nazioarteko gaur egungo zailtasunen eta tirabiren markoan ahaleginak egitea, «bakearen zuhaitza» hazaraztea faboratuko duen gizatar ekologia bideratzeko. Honelako zeregin bati ekiteko, pertsonari buruzko ikusmolde egokia behar da, aurreiritzi ideologikoek eta kulturalek, gorrotoa eta indarkeria eragiten dituzten interes politikoek eta ekonomikoek gaiztotu gabea. Ulergarria da kultura desberdinetan gizakiaz ikusmolde desberdinak izatea. Baina ez da onargarria kontrakotasunaren eta indarkeriaren hazia berekin duten ikusmolde antropologikoak sustatzea. Ez dira onargarriak, era berean, kidekoen kontrako intolerantzia eta kidekoen kontra indarkeriara jotzea eragiten duten Jainkoari buruzko ikusmoldeak. Argi eta garbi utzi beharreko kontua da hau: inoiz ez da onargarria Jainkoaren izenean gerla egitea. Ekintza kriminalen jatorrian Jainkoari buruzko ikusmolde bat dagoenean, seinalea ikusmolde hura ideologia bilakatu dela. 

11. [Beste oztopo bat: gizakiaren egiazko izateaz axola-eza] Baina bakearen kontrako arriskua ez dator, gaur egun, gizakiari buruzko ikusmolde hertsigarrien, hau da, ideologien arteko gatazkatik bakarrik. Hor dago, orobat, gizakiaren egiazko izateari buruzko axola-ezetik datorren arriskua ere. Hain segur, jende askok ukatzen du, gure egunotan, giza izate espezifikoaren existentzia; horrela, gizakiaren osagai esentzialez interpretazio zoroenak ahalbidetzen dira. Beharrezkoa da honetan ere argitasuna: pertsonaren ikusmolde «ahulak», edozein ikusmoduri, eszentrikoenari ere, bide ematen dionak itxuraz bakarrik faboratzen du bakea. Izatez, galarazi egiten du benetako elkarrizketa, eta gauzak agintekeriaz ezarri ahal izateko eskusartzeei irekitzen dizkie ateak, pertsona bera defentsarik gabe utziz eta, ondorioz, zapalketaren eta indarkeriaren harrapakin erraz bihurtuz. 

Giza eskubideak eta Nazioarteko Erakundeak 

12. [Aporia: eskubideak absolutu, haien oinarriak erlatibo] Beharrezkoa da giza eskubideen errespetua bake iraunkorra eta benetakoa nahi bada. Baina eskubideak pertsonari buruzko ikusmolde ahulean oinarritzen badira, nola eragotzi eskubideak ere ahultzea? Agerian dago horrela pertsonari  buruzko ikusmolde erlatibistak gabezia sakona duela, eskubideak zuzentzat emateko eta defendatzeko orduan. Bistan dago aporia kasu honetan: eskubideak absolututzat ematen dira, baina haien oinarritik ematen dena erlatiboa da. Beraz, nola harritu eskubide batek edo bestek ezartzen duen «betebehar ez-eroso» baten aurrean, norbait hura ukatzera edo alde batera uztera ausartzen bada? Kreatzaileak gizakiari eman dion izatearen oinarri objektiboetan sustraitzen bada bakarrik baieztatu ahalko dira eskubide haiek, gezurtatuak izateko beldurrik gabe. Bestalde, begi-bistakoa da, giza eskubideen parez pare betebeharrak daudela. Alde honetatik, ongi zioen mahatma Gandhik: «Eskubideen Ganges betebeharren Himalaiatik jaisten da». Hondo-hondoko aurrekari hauek argituz bakarrik defenda daitezke egoki gaur egun etengabekoa erasoa jasaten ari diren giza eskubideak. Argibide hau egin ezean, subjektuak beren artean oso desberdinak direla pentsatuz erabiliko da «giza eskubideak» delako terminoa: batzuentzat, duintasun iraunkorrak eta beti eta nonahi guztientzat balio duten eskubideek ezaugarritzen duten pertsona izango da gizakia; beste batzuentzat, berriz, duintasun aldakorra eta beti negoziagarriak diren eskubideak dituena izango da gizakia, bai edukiei dagokienez, bai aldiari eta espazioari dagokienez. 

13. [Giza eskubideek aitorpenak] Nazioarteko Erakundeek giza eskubideak defendatzeaz ari ohi dira; horrela ari da, partikularki, Nazio Batuen Erakundea; honek, 1948ko Aitorpen Unibertsala kontuan hartuz, gizakiaren eskubideak sustatzea du oinarrizko eginkizun. Aipatu Aitorpen hori gizadi osoak bere egindako konpromiso moraltzat hartu ohi da. Egia sakona adierazten du horrek; batez ere, Aitorpen horretan deskribaturiko eskubideak ongi oinarritutzat hartzen badira: ez onetsi dituen batzarraren erabakian, baizik gizakiaren beraren izatean eta Jainkoak kreatua den pertsonaren besterendu ezineko duintasunean oinarritutakotzat hartzen badira. Ondorioz, garrantzizkoa da Nazioarteko Erakundeek begi bistan izan dezaten gizakiaren eskubideen berezko oinarria. Horrek libratuko lituzke beti, zoritxarrez, zelatan dagoen arrisku honetatik: aipatu eskubideak interpretazio positibista hutsean hartzeko arriskutik. Honetan eroriz gero, beren izatearen eta jardueraren justifikazio nagusia defendatzeko, hau da, pertsonaren eta herrien oinarrizko eskubideak defendatzeko behar den autoritatea galdu egingo lukete Nazioarteko Erakundeek. 

Nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta Estatuen barneko zuzenbidea 

14. [Nazioarteko akordioak bete gerratean ere]Gizakiaren izate komunari loturiko eta besterendu ezineko giza eskubideak badirela ustetik abiatuz, nazioarteko zuzenbide humanitarioa gauzatu da, zeina betetzera konprometitu baitira Estatuak, gerla garaian barne.

Tamalez, eta iragan aldia alde batera utziz, zuzenbide hau ez da bete koherenteki duela gutxiko zenbait gerla-kasutan. Horrela gertatu da, adibidez, duela hilabete batzuk Libano Hegoaldean izan den gatazkan, zeinetan ez baita kontuan hartu neurri handian biktima errugabeak babesteko eta laguntzeko betebeharra, eta populazio zibila ez nahastekoa. Libanoko kasu deitoragarriak eta beste gatazkek duten molde berriak, batez ere mehatxu terroristak orain arte ez bezalako indarkeria-motaz jardun duenetik, eskakizun hau egiten diote nazioarteko komunitateari: berrindartu dezala nazioarteko zuzenbidea eta aplika dezala gaur egungo armazko egoera guztietan, indarrean dagoen nazioarteko zuzenbideak aurreikusi ez dituenak barne. Gainera, terrorismoaren izurriak gogoeta sakona egitea eskatzen du segurtasun nazionalerako diren tresna modernoen erabileran inplikaturik dauden muga etikoez. Hain zuzen, gero eta sarriago deklaratu gabeak izaten dira gatazkak, nagusiki beren xedeak lortzeko edozein baliabide erabiltzeko prest dauden talde terroristek sortuak direnean. Azken urte hauetako gertaera lazgarrien aurrean, Estatuek beren eginbeharrekotzat hartu behar dute arau argiagoak, bizi dugun desorientazio dramatikoari eginkorki kontrajarriko zaizkionak ezartzea. Gerla beti da porrota nazioarteko komunitatearentzat eta galera handia gizadiarentzat. Halaz guztiz, hura abiatzen denean, gutxienik, gizadiaren funtsezko printzipioak eta herritarren bizikidetasun oro oinarritzen duten balioak gorde egin behar dira; haren kalteak ahalik neurri handienean mugatuko dituzten eta herritarren eta gatazketako biktima guztien sufrimendua arinduko duten portaera-arauak ezarri behar dira. [7] 

15. [Beste kezka latz bat: arma nuklearrak ugaltzeko joera] Bada kezka sorrarazten duen beste gai bat: duela gutxi zenbait Estatuk arma nuklearrak izateko agertu duten gogoa. Honek, ondoren, hazi egin du, balizko hondamendi atomikoaren aurrean, segurtasun-ezaren eta beldurraren giro nahasia. Iragan aldiak dakarzkigu horrek gogora, «gerla hotza» izeneko garaiko antsia ikaragarria dakarkigu gogora. Uste genuen, garai haren ondoren, joan zela behin betiko arrisku atomikoa, gizadiak har zezakeela azkenean arnasa lasai eta iraunkorki. Alde honetatik, bizi-bizi jarraitzen du Vatikano II.a Kontzilio Ekumenikoaren erregu honek: «Hiri osoak edo eremu handiak, hango biztanleak barne, inor bereizi gabe suntsitzera jotzen duen gerla-ekintza oro Jainkoaren eta gizakiaren beraren kontrako krimena da, irmo eta dudarik gabe gaitzetsi behar dena». [8] Tamalez, pilatuz doaz gizadiaren begi aurrean hodei mehatxugarriak. Gizon-emakume guztientzat bakezko geroa segurtatu nahi bada, arma nuklearrak ez ugaltzeko nazioarteko akordioak ez ezik, beharrezkoa da halakoak gutxitzeko eta, are, erabat desegiteko konpromisoa gogo erabakitzailez hartzen ahalegintzea. Ezin baztertu da ahalegin bakar bat ere, negoziazioaren bidez xede hauek lortu ahal izateko. Giza familia osoaren zoria dago jokoan! 

Eliza, pertsonaren transzendentziaren babes 

16. [Kristauei erregua bakearen alde] Azkenik, Jainkoaren Herriari egin nahi diot dei premiatsua, kristau orok hartu behar du beretzat konpromiso hau: bakearen aldeko langile nekaezina eta pertsonaren duintasunaren eta besterendu ezineko haren eskubideen defendatzaile sutsu izatekoa. Kristauak, munduan «pertsonaren transzendentziaren seinale eta babesle» [9] den Elizako kide izatera deitu diolako Jainkoari eskerrak emanez, nekatu gabe eskatu behar dio oinarrizko ondasuna den bakea, bakoitzaren bizitzan hain garrantzizkoa dena. Orobat izango du atsegina bakearen alde bihotz handiz ari izateaz, senideei, bereziki, gabezia eta pobretasuna jasateaz gain, ondasun bikain honen faltan bizi direnei laguntzen aritzeaz. Jesusek agertua dugu: «Maitasun da Jainkoa» (1 Jn 4,8), esan nahiz, maitasuna dela pertsonaren bokaziorik handiena. Kristogan aurki ditzakegu arrazoirik gorenenak giza duintasunaren defendatzaile irmo eta bakearen eraikitzaile ausart bihurtzeko. 

17. [Benetako humanismo betearen alde] Beraz, ez dadila sekula ere falta izan fededun ororen ekarpenik benetako humanismo osoa sustatzearen alde, Populorum progressio eta Sollicitudo rei socialis Gutun Entzikliken harira jokatuz, zeinen, hurrenez hurren 40. eta 20. urtemuga ospatzeko prestatzen ari baikara. 2007aren hasieran, --arrisku eta problema artean bada ere— urtea bihotza esperantzaz beterik barruntatzen dugun honetan, Bakearen Erreginari, «gure bakea» (Ef 2,14) den Jesu Kristoren Amari doakio, uste osoz, etengabeko nire otoitza. Erakuts diezagula Mariak, bere Semeagan, bakerako bidea, eta argi ditzala gure begiak pertsona ororen aurpegian bere Semearen Aurpegia, bakearen bihotza, antzemateko. 

Vatikanon, 2006ko abenduaren 8an 

BENEDICTUS PP XVI

Oharrak
[1] Ik. Catecismo de la Iglesia Católica, 357.
[2] Sermo 169, 11, 13: PL 38, 923.
[3] 3. zenb.
[4] Homilía Ratisbonako Isling-eko zabaldegian (2006-09-12).
[5] Ik. Fedearen Doktrinarako Kongr., Carta a los obispos de la Iglesia católica sobre la colaboración del hombre y de la mujer en la Iglesia y en el mundo (2004-04-31), 15-16.
[6]  38. zenb.
[7] Honetaz, Catecismo de la Iglesia Católica-k irizpide zorrote eta zehatzak eman ditu: Ik. 2307-2317 zenb.
[8] Konst. past. Gaudium et spes, gaur egungo munduan Elizaz, 80.
[9] Ibíd., 76.

volver

“Hau da nire gorputza”
Xabier Basurko  -  Donostiako Apaizgaitegiko irakaslea

 

            Duela dezente, emakumea apaiz-ministeriora iritsiko ala ez ezdabaidatzen ari ginela, solaskide baten arrazoiketa honek harritu ninduen: «Baina, nola esan dezake emakume batek hau nire gorputza da?» Hau da gertatzen dena: fededunik gehienentzat hitz hauek –eukaristiako «erdigune gogorra» direlarik—ez dutela esanahi argi eta eragingarririk.  

            Eukaristia eratzearen kontakizunetan, otorduaren une nagusiak bereizten ditu bata besteagandik ogiaren erritua eta ardoarena; horregatik, gorputza eta odola terminoak ez dira hartu behar bata bestearen kontrakotzat, ez dira hartu behar gizakiaren zatitzat, baizik eta bietako bakoitza osotasuntzat hartu behar da; antropologia semitikoaren arabera, gizakiak ez du gorputz bat, baizik eta gorputza da (sôma). Bestalde, predikatuaren zehaztapena daukagu: «zuentzat emango dudan nire gorputza» (Lukas 22,19; 1 Korintoarrei 11,24) delakoa kontakizunaren bihotza bera da eta Jesusen existentzia laburbiltzen du «pre-existentzia» (H. Shürmann) den aldetik, gainerakoengatik emandako bizia den aldetik. Badakigu, gainera, ahoskatzen diren hitzak bezain, gutxienez, esanguratsua dela hitzezkoa ez den adierazpena, eta ahoskatutako hitz horiek interpretatzeko aukera ematen duela hitzezkoa ez den horrek. Ohar hauek kontuan izanik, hitz horien beste itzulpen bat eman genezake; «hau da nire gorputza» esan ordez, esan genezake: «hau da nire bizia, eta zuei demaizuet» (G. Fourez), edota «hau naiz ni, neure burua zuentzat ematen dudana» (P. Abela), non «hau» horrek ogi puskatzearen edo parte hartzearen keinuarekin bat egingo bailuke. 

            Esandako horren egiaztapena daukagu Erromatarrei 12,1ean. Auto-eskaintzaren testuinguru berean, Paulok «gorputz» hitza darabil, baina pluralean (sômata). Antzinako itzulpenek hitzez hitzezko itzulpena mantendu dute: «Erregutzen dizuet, haurrideok, Jainkoaren errukiagatik, eskain ditzazuela zeuen gorputzak ... bezala» (Nácar-Colunga-ren gaztelaniazkotik euskaratua). Itzulpen berriagoek, aitzitik, saihestu egin dute semitismoa, testua ulergarri egiteko baliokidetasuna emanez: «Senideok, Jainkoaren maitasunagatik eskatzen dizuet eskain ditzazuela zeuen buruak opari bizi...» (EAB); «Jainkoaren onginahi horrengatik erregutzen dizuet, haurrideok, eskain dezazuela zeuen existentzia ... bezala» (Nueva Biblia española-tik euskaratua). 

            Komeni da esandako hori jakitea, hitz eukaristikoak nork bere kontura aldatu ezin baditu ere. Ez dugu esan nahi horrekin, urruntasun kulturala –kasu honetan semitismoak— sakralizazioaren sasi-bidetzat gorde nahi dugunik. Gorputz-odolen bitasun hori, bere burua gugatik eman duen Kristo osoaren sinonimo bezala aurkeztu behar dugu katekesian.  (Euskaraz: Dionisio Amundarain)

 volver

MONASTERIO DE SANT BENET DE MONTSERRAT
GRACIAS POR COMPARTIR NUESTRO ESPACIO VIRTUAL